Amadou Hampâté Bâ (original) (raw)
Wikipedia, Entziklopedia askea
Amadou Hampâté Bâ | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bandiagara (en) , 1901 |
Herrialdea | Mali |
Heriotza | Abidjan, 1991ko maiatzaren 15a (89/90 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi Jeanna Hampâté Bâ (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | fulafrantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, filosofoa, antropologoa, etnologoa, poeta, historialaria eta eleberrigilea |
Lan nabarmenak | ikusi The Strange Destiny of Wangrin (en) |
Jasotako sariak | ikusi Grand prix littéraire en poésie d'Afrique noire (1991) Prix Tropiques (1991) Prix de la langue française (1975) |
Kidetza | Itsasoz-haraindiko zientzien akademia |
Amadou Hampâté Bâ (Bandiagara, Mali, 1901eko otsaila - Abidjan, 1991ko maiatzaren 15a), Maliko idazle eta etnologoa izan zen.
Bâ klaneko fulania zen. Koloniaren garaian funtzionario izan zen, eta independentziaren ondoren (1960), Giza Zientzien Institutua sortu zuen Bamakon, eta Maliren Unescoko ordezkari izendatu zuten. 1966an, Unescoko Batzorde Eragileko kide izendatua izan zen, eta 1966an Afrikako hizkuntzak transkribatzeko sistema bateratu bat ezartzen lagundu zuen.
1960an, Unescon zegoela, honela esan zuen[1]:
« | En Afrique, chaque fois qu'un vieillard meurt, c'est une bibliothèque qui brûle(Afrikan, gizon zahar bat hiltzen den aldi oro, liburutegi bat erretzen da). | » |
---|
Bere herriaren tradizioak oso ondo gogoratzen zituen, eta historialari eta etnologo egin zen. Jacques Dagetekin batera 1955ean idatzi zuen L'Empire peul du Macina («Macinako fulanien inperioa») lanean, ahozko tradizioaren araberako inperioaren historia osatu zuen; inperioa 1818an sortu zen Niger ibaiaren barrualdeko deltan, eta 1893an frantsesek konkistatu zuten.
Bestalde, fulanien ahozko hainbat kontakizun papereratu zituen: Koumen, texte initiatique des pasteurs peuls (1961, «Koumen, artzain fulanien iniziazioko idatzia»), Kaïdara, récit initiatique peul (1969, «Kaidara, fulanien iniziazioko kontakizuna»), L'Éclat de la grande étoile (1974, «Izar handiaren distira»), Njeddo Dewal, mère de la calamité (1985, «Njeddo Dewal, zorigaitzaren ama»), La Poignée de poussière, contes et récits du Mali (1987, «Hauts-eskukada, Maliko ipuinak eta kontakizunak»).
Hala ere, ospe gehien eman zion lana bere eleberri bakarra da, L'étrange destin de Wangrin (1973, «Wangrinen patu bitxia»), afrikar interprete baten abenturak kontatzen dituena. Bestalde, bi memoria-liburu idatzi zituen: Amkoullel l'enfant peul (1991, «Amkoullel haur fulania») eta Oui mon commandant! (1994, «Bai, nire komandantea!»).
- Artikulu honen edukiaren zati bat _Lur hiztegi entziklopediko_tik edo _Lur entziklopedia tematiko_tik txertatu zen 2012/10/04 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Lacroix, Emmanuel. Zoom sur..... Hamadou Ampâté Bâ. in: Litterature africaine. bobodioulasso.net (Noiz kontsultatua: 2015-07-12).