Hur (original) (raw)

Hur
fruitu lehor, Hur, fruitu oskoldun eta hazi
Osagaiak hazelnut shell (en) Itzuli
Historia
Honen produktua Hurritz

Hurra, Eurasia osoan zabaldurik dagoen hurritzaren (Corylus avellana) fruitu biribil txikia da, itxura esferiko-obal, 15-25 mm-ko luzera eta 10-15 mm-ko diametrokoa.[1][2] Itxuraz, kanpoko oskol gogorrak daukan mintz leun batean bildurik, hazia dago: hau ondu edo heldu ahala, oskola idortuz eta barneko hazia umotuz doa.[3]

Hur batzuk lurrean sartuta, berehala ernatuko diren landareek lau-bosgarren urtean estreinako aleak emango dituzte (horrela gertatzen da katagorriek adarretik bildu, lurpean gorde eta gerora ahaztutako hurrekin). Hortik aurrera, adar antzu eta zaharrekin makulu arin malguak, hesi hertsiak edota zahoriek ura bilatzeko darabiltzaten besobikoak egin daitezke, iraileko ilbeheran landaretik moztuta.[4]

Euskal Herri hezeko toki ospela du bereziki maitea hurritzak, bide ertza, batik bat; txoriek bidean galdutako fruituak eroritako lekuetan egokitzen dira, nolanahi. Abuztuaz geroztik lurrean ugaltzen hasten diren hur txiki goxoak, adituen aburuz, ez dira etxera eramatekoak, bertan kraskatu eta dastatzekoak baizik... har, txori, urtxintxa, sagu eta enparauei aurrea hartuta.

Hurra hitz soila da, jakina, eta beste hitz batzuen osagai, hala nola: ezkur, zintzur, boilur, kizkur, maskur, (p)apur, kuzkur, etc. Hortaz, hizkuntzaren ikuspegitik, baliteke “hur” horrek, fruitu lehorra ez ezik, beste zerbait ere adieraztea, zuzen edo metaforaz: hurbil edo gertukoa, txikia, etab.

Bitxikeria pare bat: leku batzuetan, abellana edo abillana, hurrari gabe, kakahuetari deritzo. Bestetik, frantsesez eta euskaraz eboluzio-prozesuak elkarren kontrakoak izan dira: frantsesez, noix hitzak noisette eman zuen; euskaraz, hur berbak, intxaur.

Hurritza bide-ertzean.

Asia Txikikoa, sortzez. Mesopotamian kontsumitzen zen, Neolitoan, haitzuloetan aurkitutako aztarna eta marrazkiek hala frogatzen dutenez. Greziarrek inportatu zuten eta, handik, landarea hazteko lur eta meteorologia egokiak zituzten herrialdeetara hedatu zuten.

XIX. mendean, laborantza izugarri handitua zegoen Iberiar Penintsulan, mahats ekoizpena murriztu zuen izurrite batek eraginiko mahasti tradizionalak suntsitzearen ondorioz; mende horretan genetikaren azterketan izandako aurrerapenak ere berebiziko eragina izan zuen hur-hautaketa genetikoan.

Urtxintxa eta hur gozoa.

Hurrondoa gurean biziki erabilia (egurra) eta kontsumitua (fruta) izan dela frogatzen digute euskal antroponimiak (pertsona izenak) eta toponimiak (leku izenak): Hurritza, Urroz, Urretxu, Urrasun, Urreiztieta, Urreaga, Ürrüstoi, Urreizti, Urrestilla, Urruxulegi, Urriola, Urreta… Herri hizkeran, berriz, hurra ez ezik, hur-alea, hur-garaua eta uzta-hurra ere (hurrondokoa, gizakiak landatutakoa) baliatu izan dira, hazia jangarri dela adierazteko. Izen ugaritasun horrek hurraren baliagarritasun ugari-ugaria adierazten du.

Gianduja krema

Fruitu lehor hau antzinatik kontsumitu izan dugu:

Hurrak ia dena du baliagarri: oskola erregai gisa erabiltzen da; hostoa, ganaduaren elikagai; azal eta hostoak laborategiek erabiltzen dituzte koagulatzaileak egiteko; hazia hamaika eratan dugu elikagai; zurarekin saski, hesi, kirten eta makuluak paratzen dira…

Gurean, intxaur-saltsaren pareko omen zen hur-saltsaren berri jaso zuen Juan Martin Elexpuru ikertzaileak: berez, esnetan hurrak egosi, azukre edo eztiz gozatu eta kanelaz lurrundutako ore mehea da.

Hurrak batzen eta lehortzen Turkian

Fruitu lehorrak. Goi-eskuinean hurra, erlojuaren norabidean gero: kakahuetea, intxaurra, anakardoa, amanda, eta Brasilgo intxaurra.[5]

Hur-ekoizle nagusiak (2019)

Posizioa Herrialdea Ekoizpena (tn)
1 Turkia 776.046
2 Italia 98.530
3 Azerbaijan 53.793
4 AEB Oregon 39.920
5 Txile 35.000
6 Txina 29.318
7 Georgia 24.000
8 Iran 16.121
9 Katalunia 12.370
10 Frantzia 11.660
Iturria: FAO

Hurra

Balio nutrizionala 100 g-ko
Energia 2,629 kJ (628 kcal)
Karbohidratoak 16.70 g
Azukreak 4.34 g
Zuntz dietetikoak 9.7 g
Gantzak 60.75 g
Proteinak 14.95 g
Bitaminak Kopurua %EB
A bitamina ekib.beta-Karotenoluteina zeaxantina 0% 1 μg0%11 μg92 μg
Tiamina (B1) 56% 0.643 mg
Erriboflabina (B2) 9% 0.113 mg
Niazina (B3) 12% 1.8 mg
Azido pantotenikoa (B5) 18% 0.918 mg
B6 bitamina 43% 0.563 mg
Folato (B9) 28% 113 μg
C bitamina 8% 6.3 mg
E bitamina 100% 15.03 mg
K bitamina 14% 14.2 μg
Gatz mineralak Kopurua %EB
Kaltzio 11% 114 mg
Burdina 36% 4.7 mg
Magnesioa 46% 163 mg
Manganesoa 294% 6.175 mg
Fosforoa 41% 290 mg
Potasioa 14% 680 mg
Selenio 3% 2.4 μg
Sodioa 0% 0 mg
Zinka 26% 2.45 mg
Beste batzuk Kopurua
Ura 5.31 g
USDA datu-basean datuak osatzeko esteka
Unitateak μg = mikrogramo•mg = miligramo IU = Nazioarteko Unitate Sistema
†Ehunekoak AEBko heldu batentzako eguneroko gomendio dietetikoak hartuta kalkulatu dira.

Hurrek nutrizio balio handia dute: proteinetan % 16a dute eta koipe asegabeetan % 62a. Gainera, tiamina, niazina, nahiz kaltzio, fosforo eta potasio kopuru nabarmenak dituzte.

Fruitu lehorrak hartzea osasungarria da, neurriz. Maiz esaten da herritar denek kontsumitu beharko lituzketela, baina, fruitu oskoldun guztiek bezala, hurrak ere erreakzio alergikoak sor ditzake, norberaren sentikortasunaren araberako erantzun alergikoa probokatuz.

Aproposa da hurra beste fruitu lehorrekin (pinazi, arbendol, intxaurrekin) nahasirik kontsumitzeko, kirolarientzat, batik bat, hazkurrien ekarpenagatik: mineral, olio, kaloriak...

Hurraren kaloria-ekarpena handia denez, ordea, tentuz ibili behar da: egunean eskukada bat baino gehiago kontsumitzerik ez zaio komeni nornahiri.

Bost urtetik beherako haurren haginek ez dute balio oraindik hurrak eta antzekoak ehotzeko, xehatzeko. Hori dela eta, batzuetan hur pusketak biriketatik aspiratzen dira, ahotik arnasbidera igaroz, urdailera pasatu beharrean. Ondorioz, fruitu lehorra edo ataltxoren bat biriketara doa, batzuetan berehala itotzea probokatuz eta beste batzuetan biriketako eremu bat edo gehiagoren infekzioa eraginez. Hori dela eta, adin txikikoek ez kontsumitzea gomendatzen da.

Fruitu lehorrak jateak ez du gizentzen, gehiegi hartzen ez badira; ez dute loturarik pisua hartzearekin, gomendatutako kopurua gainditu ezean. Baina ondo murtxikatzen ez badira, maiz gertatzen den bezala, eman diezaguketen energia guztia ez dugu xurgatuko. Hurra ez zaio dietari erantsi behar aparteko elikagai gisa, produktu jakin batzuen (opil industrialak, patata frijituak, etab.) ordezkotzat baizik.

Hurritzaren loreak.

Hurritzaren orria.

Amilotxa txoria hurritzean neguan.

Ikuspegi honetatik, hur arrunta (Corylus avellana) zurezko perikarpoa duen akenio bati dagokion fruitu oskolduna da. Akenio horri botanikan intxaurra deitzen zaio. Perikarpoa obulutegiko logietako bat esklerifikatzearen ondorio da, bestea abortatuta, eta “oskola” osatzen du, okerreko izenez. Intxaur horrek hazi bakarra dauka (amanda) eta normalean perikarpoaren barne barrunbe osoa hartzen du.

Amandak, bi kotiledoi mamitsuk osatuta, koipe asko-asko dauka, eta tegumentu horixka batez estalita dago, adinarekin gorritu eta loditu egiten dena.

Fruituak, formaz oboide eta apikulatua (erpinaren goialdean estiloaren eta estigmaren aztarnek irauten dute), zentimetro batetik hirura arteko luzera eta bi zentimetro arteko diametroa har dezake; erabat heldu baino lehen hodi-itxurako estaldura edo inbolukruak babesten du, hosto formakoa eta lobulu irregularretan amaitzen dena, lore-brakteek goranzko eta konkresentez osatua. Zenbait espezietan, ile ugari eta potoloz zurdatuta dago, baita lehortutakoan ere.

Hurrak, eskuarki, beren inbolukroekin, bizpahiru fruituk (espezie jakin batzuetan, 5 - 6 aleraino ere) osatutako mulko edo mordotan biltzen dira. Fruitua heldu baino lehentxeago, inbolukrua idortu eta mutur baterantz irekitzen da, perikarpoa agerian utzirik; hortxe gogortu eta kolorea hartuko du haziak, azukre, olio eta mineralak kontzentratuz doazen bitartean. Umotze hori udazkenean gertatzen da, eta bilketa (bai gizakiak, bai beste animalia askok ere egiten dutena, elika-balioagatik arras estimatua baita) uda amaieran egin ohi da, alea adarretik askatu eta lurrera jaustean.

Lehortutakoan, inbolukrua aise askatuko da oskol gogorretik. Hur alea erauzi behar da, nahitatez, denbora luzez mantenduko bada: oskol barruan urdindu egin daiteke. Hurra gustuko duten karraskarien helmenetik babestutako leku fresko eta aireztatu batean gordetzea komeni da.

  1. «GURE BASOAK - Hurritza» www.basoak.eus (kontsulta data: 2023-05-26).
  2. Pau. (2021-11-19). HURRITZA / AVELLANO / Corylus avellana | Zaraitzuko ondare kulturala eta naturala. (kontsulta data: 2023-05-26).
  3. «ELORRIOKO ZUHAITZAK - HURRITZA» sites.google.com (kontsulta data: 2023-05-26).
  4. Soto, Julio. (2023-05-26). «Hurritz makila» Berria (kontsulta data: 2023-05-26).
  5. Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Fruitu lehorrak. Pamiela, 177 or. ISBN 978 84 9172 259 5..