Erdarazko erlatiboen itzulpenaz - Koldo Biguri (original) (raw)

LABURPENA Lan honetan joan den mendeko eta mende honetako itzultzaile batzuen lanetatik ateratako corpus bat osatu da, esaldi erlatiboak nola itzuliak izan diren aztertzeko. Izan ere, Lafitteren baieztapen bati jarraituz, euskarak ez du inguruko erdarek adina erabiltzen erlatiboen prozedura, eta, beraz, erdarazko erlatiboen itzulpena beste baliabide batzuen bitartez egin behar da. Corpus honetan, beraz, hainbat prozedura aurkitu dira, gure gaurko lanerako guztiz erabilgarri izan daitezkeenak, nahiz eta itzulpen ezegokiak egon ere badauden. Hortaz, azterketa konparatista bat egin da, hizkuntza bakoitzaren joerak argitzeko. Bukaeran, aposizioei buruzko zati laburtxoago bat ere badago. 0. Planteiamendua Euskarazko erlatibizazioak zeresan ugari eman izan du aspaldidanik, eta hainbat gramatikalariren ikergai izan da, baina nire lan honek hartu nahi duen bidea beste bat izango da; alegia, bi hizkuntza horien artean erlatibizazioari dagokionez daudekeen aldeak ikertu nahi ditut, horretarako euskararako itzulpenaren ikuspegia erabiliz, edo, zehazkiago esanda, gaztelerazko perpaus erlatiboen itzulpena, horixe izan eta oraindik ere izaten baita itzultzaileen buruhausterik handienetako bat.Dena den, kontutan hartuz doktorego-lan batek eduki dezakeen luze-zabalera, gure ikerketa hau itzulpen jakin batzuetara mugatuko da, corpus bat osatuz eta hartan ikusiz nolako irtenbideak eman dizkieten itzultzaileek jatorrizko testuetako perpaus erlatiboei (adibideen idazkera gaurko erara moldatu dut). Ikertu ditugun testuak honako hauek izan dira: